" Medikuon eginkizuna da heriotzaren aurrean laguntzea, eta horri ihes egitea profesional txarra izatea da "


Heriotzarekin aurrez aurre egiten du lan, Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Heriotzak denongan duen inpaktuaz kontziente, une hori zaintzen saiatzen da. Hiltzear zeuden gaixo asko zaindu ditu, ihes egin gabe. Xabier Lete bera zaindu zuen gaixo eta hiltzear zegoenean, eta bien arteko adiskidetasuna sortu zen une berezi horietan. Elkarrekin begiratu zioten heriotzari, eta hiletan, azken bertsoak abestu zizkion. Izan ere, mediku izateaz gain, bertsolari ere bada Felix Zubia. Eta baita EHUko irakasle Medikuntza Fakultatean, eta Euskadi Irratiko Osasun Etxea irratsaioan esatari ere. Komunikatzaile petoa, finean.

Zer garrantzi du zuretzat osasunari eta gaixotasunei buruzko informazio xehea, argia eta ulerterraza emateak?


Nik uste oso-oso garrantzitsua dela, gainera bi alderdirengatik: bata, oro har, kultura orokor bat behar dugulako, eta nik uste medikuok egin dugun akats handietako bat izan dela ez dugula modu ulergarrian azaltzen jakin, hitz oso teknikoak erabili ditugulako. Orain, badirudi gorputza eta gaixotasuna misterio handi bat direla. Informazio-gabezia horren ondorioz, gaixotasuna dugun garaian arduratzen gara osasunaz, eta ez prebentzio-garaian.
Eta, gero, paziente bat etortzen zaigunean, garrantzitsuena da paziente horren konfiantza lortzea. Ez badugu konfiantza lortzen, galdua daukagu! Eta, konfiantza lortzeko, modu ulergarrian informatu behar dugu.

Gaur egun, nahikoa da Interneten klik egitea gaixotasun eta tratamendu orori buruzko informazioa jasotzeko. Zer eragin izan du horrek?


Eragin hori ikusi dugu; bai onerako, bai txarrerako. Hau da, diagnostiko bat ematen diogunean pertsona bati, nik badakit hurrengo goizerako horri buruz irakurri duela. Horrekin kontatzen dugu. Hala ere, kontua da informazio hori non begiratu duen eta fidagarria den ala ez. Hainbeste informazio izateak ere informazioa iragazi beharra eskatzen du: batzuetan egokia da informazioa, eta beste batzuetan ez. Nik eduki nezake pneumonia bat, eta batzuek esango dute tratatzeko zein antibiotiko behar den, eta beste batzuek esango lukete pneumonia pasmobelarrarekin sendatzen dela.

http://aldizkaria.elhuyar.eus/elkarrizketak/medikuon-eginkizuna-da-heriotzaren-aurrean-laguntz/